13. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
1. Arloa kopurutan
2012. urtean zehar 5 erreklamazio izan dira IETen (Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologiak) arloan ; beraz, Erakundeak izapidetutako kexa guztien %0,20 arlo honetakoak izan dira.
Honela sailkatu ditugu jasotako erreklamazioak, azpiarloak kontuan hartuta:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....2
– Datuen babesa.....2
– Informazioaren eta ezagutzaren teknologiak.....1
Kopuru orokorrak oraindik ere txikiak diren arren, IET azpiarloa mailaka handituz doa eta bere pisua areagotu da datuen babesaren azpiarloarekiko, iraganean arlo honen oinarrizko gunea zenarekiko.
Aurkeztutako datuen harira, jarraikako bi hausnarketa egin behar da:
Aipatutako gogoetei jarraiki, ezinbestekoa da administrazioarekiko harremanetan IETen erabilera sustatzen duten ekimenak hedatzea, baita berariazko esparru horretan herritarrek dituzten eskubideak ezagutzea eta zabaltzea ere. Horretarako, Arartekoak hainbat ekimen sustatu ditu, VI. kapituluko 4. atalean azaltzen direnak.
Ekimen horiek justifikatzen dituen datu enpiriko gisa, kontuan hartu behar dugu Eusko Legebiltzarreko 2011ko Soziometroaren arabera, euskal herritarren %32k administrazioarekiko izapideak online egitea nahiago duela, bulego fisiko batera jotzea erabakitzen duten % 65en aurrean. Hala ere, herritarrak pozik daude Internet bidezko zerbitzu publikoen kudeaketarekin, izan ere, inkestatutako pertsonen % 57k administrazioek teknologia berriak gaineratzean hobetu dutela uste dute, batez ere Internet bidezko sarbideari esker.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Izenpe: Enpresa batek Izenperen ziurtagiria berritzeko kostua zein informazioa zalantzan jarri zuen. Izenperen weban informazioa eta gure informazio-eskaerari emandako erantzuna aztertuta, irregulartasunik ez zegoela eta Izenpek zentzu horretan eskainitako informazioa behar bezain argia zela ondorioztatu genuen.
2.2. Herrizaingo Saila: Sail horrek aldi baterako ezgaitasunen inguruan onartutako instrukzioak talka egiten du Ertzaintzako kideen osasun-datuak babesteko eskubidearekin, herri administrazioetako langileen atalean jasotzen den moduan.
2.3. Getxoko Udala: Elkarte batek Arartekora jo zuen Udalak salaketa bat ukatu zuelako bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu izanagatik. Bi aldeen arteko gaizkiulertua konpontzeko aukera eskaini zuen gure esku-hartzearen esparruan, herritarrek administraziora bitarteko elektronikoen bidez zuzentzeko duten eskubidea gogoratu ahal izan genuen.
2.4. IETen eta datuen babesaren arloarekin loturiko beste kexa batzuk
Hainbat web orri pribatutan agertzen diren datu pertsonalei buruzko beste kexa batzuk ere nabarmendu nahi ditugu. Bertan, Arartekoaren eskumena euskal herri administrazioen kontrolera mugatzen denez, ezin izan dugu esku hartu eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziara bideratu ditugu.
Beste arloek kudeatutako kexak bideratu bitartean, IETen eta datuen babesaren inguruko kontuak agertu dira eta duten interesarengatik aipatuko ditugu:
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2012. urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan bi arau garrantzitsu onartu ziren esparru honetan:
Urtero ohikoa izaten den moduan, Eustatek Euskal Autonomia Erkidegoko Informazioaren Gizartearen Ikuspegia 2012 argitaratu berri du, familiei, enpresei eta landa munduari buruz. Ondorioetan argi uzten da euskarri digitalen eta horiekin lotutako ekipamenduen kopuruak pixkanaka hazten doala eta Euskadin aro analogikotik digitalera bizkor pasatzen ari garela, izan ere, Euskadi buruan dago Estatuko beste komunitateekin zein inguruko herrialdeetakoekin alderatuta.
Estatuan, berriz ere, ezagutzera eman behar dugu 11/2007 Legeko amaierako zazpigarren xedapeneko 4c) artikuluaren lege garapena ez dela egin, minusbaliotasuna duten pertsonei eta adinekoei sartzeko berdintasuna bermatzeko, zein ere diren haien egoera pertsonalak, baliabideak edo ezagutzak; izan ere, Arartekoarentzat talde horienganako arretak lehentasuna dauka eta IETak bereziki erabilgarriak dira haientzat.
Europako eremuan, indarrean jarraitzen du Malmöko adierazpenarekin administrazio elektronikoa estrategikoki birbideratzeko hartutako erabakia. Horren ondorioz, Europar Batzordeak “Europarako Administrazio Elektronikoaren Ekintza Plana, 2011-2015” diseinatu zuen, Ministerioen arteko erabaki horrek dakarren garrantziarekin, baina haren ekintza batzuk Europarako Agenda Digitalean daude sartuta. Ekintza planaren helburu orokorra IETek dauzkaten gaitasunak ustiatzea da, administrazio adimentsu, berritzaile eta iraunkorrak sustatzeko.
2012ko martxoan, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren mende jarri du Google-i eta datuak babesteko Europako legeriaren (95/46/CE Zuzentaraua) bilakaerari buruzko epaitu aurreko arazoa eta hainbat kontu azaldu ditu, besteak beste: zuzentarau horren lurralde aplikazioa, interneteko bilatzaileen jarduera edukien hornitzaile gisa zuzentarauaren zentzuan edo ezerezteko eta aurre egiteko eskubidearen irismena ahazteko eskubidearekiko, besteak beste. Inolako zalantzarik gabe, Justizia Auzitegiak aurkeztutako kontuei emango dien erantzunak egoera berria marraztuko du alorrean Europar Batasun guztirako.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Arestian aipatu dugunez, Arartekoaren lan arlo hau 2010ean sortu zen eta haren helburuen artean datuen babesari eta administrazio elektronikotik eratorritako eskubideei buruz herritarrek dituzten eskubideei balioa ematea eta haiek hedatzeko eginkizun ekintzailea izatea daude. Izan ere, ulertzen dugu eskubide horiek erabiltzeak eta haiek babesteak berritzeko ahalmen handiagoa duten herritarrak sustatzen laguntzen dutela, eta hori lehen mailako elementu estrategikoa da krisi ekonomikoko eta enplegua suntsitzeko egungo testuinguruan.
Horrexegatik, 2012an helburu horri lotutako zenbait jarduketa planifikatu eta burutu dira.
4.1. Ofiziozko jarduerak
Komunikabideen bidez jakin izan genuen Internet eta telefono mugikorren bidez antza Deustuko Unibertsitatearekin loturiko hainbat pertsonen argazki eta bideo intimoak baimenik gabe hedatu zirela. Hori ikusita, Arartekoak ofiziozko espediente bat irekitzea erabaki zuen gertatutakoaren inguruko informazioa biltzeko intimitaterako, duintasunerako, osotasun moralerako eta nortasunaren garapen askerako eskubideekiko errespetuaren ikuspuntutik eta, hala zegokionean, baita izaera pertsonaleko datuen babesaren ikuspuntutik ere.
Gertakariak ezagutzeko eta jazotakoa argitzeko burututako jarduera horretan informazioa jaso eta kudeaketak burutu bitartean (horren amaierako ebazpena txosten hau argitaratu aurretik eman da), unibertsitateak erantzukizunik ez zuela ondorioztatu da eta bide batez, hezkuntza erakundeei eta herritarrei orokorrean, bereziki gazteenei, gizarte sareetako datuek eta irudiek babesik ez dituztela eta horrek ondorioak eragin ditzakeela gogorarazi zaie, baita datu eta irudi horiek zaintzeko gutxieneko neurriak hartu behar direla ere. Laburbilduz, Internetek eta sareen bidezko informazio-trukeak eskaintzen dituzten abantaila handiak informazio pertsonalaren babesaren inguruko praktika onekin bateratzea, sare publiko edo pribatuen erabileran arreta berezia jarriz, horiek ondo erabiltzearen erantzukizuna erabiltzaile bakoitzari baitagokio.
4.2. Txosten bereziak
2012an e-inklusioari eta Euskadiko herritarrek IETen bidez gizarte esparruan eta esparru publikoan duten partaidetzari buruzko txosten berezia amaitu da eta, txosten hau burutzean argitaratzeke bazegoen ere.
Eta kategoria horietan guztietan gomendioak egin dira, besteak beste: tokiko agenda digitalak sustatzea, gaitasun digitalen inguruko esparru estrategikoa definitzea, e-Administrazioa eten digitalak dituzten edo arriskuan dauden taldeei hurbiltzea, aniztasun funtzionala duten pertsonen edo mendeko pertsonen autonomia IETen bidez bultzatzea, Euskadin IETen bidezko parte-hartzearen inguruko agiri estrategikoa burutzea; identitatearen kudeaketarako teknologiak garatzea edo e-partaidetzarako prestatu diren bide digitalen irisgarritasuna era erabilgarritasuna bermatzea.
4.3. Arloan giza eskubideak eta praktika onak sustatzeko jarduketak
Arartekoak zenbait ekimen abiarazi ditu. Halakoak Arartekoaren berrikuntza jarduketei buruzko VI. kapituluan jaso ditugu Horien artean, Herritarrek herri-administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan egoteko dauzkaten eskubideen dekalogoa bereziki azpimarratu behar dugu. Horren helburua, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanetan IETen erabilera sustatzea eta esparru horretan herritarrek dituzten eskubideak sustatzea da.
Tresna honekin, Arartekoak eskubide horiek ulertu eta hedatu daitezen lagundu nahi du, honelaxe laburbiltzen dena:
Herritarrek herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan egoteko dauzkaten eskubideen dekalogoa euskarri digitalean editatu da. Arartekoaren webgunean(www.ararteko.net) eskuragarri dago, hainbat formatutan burututa eta, era berean, edozein webgunetan integratzeko kodea eskaintzen da, hedatzeko aukera emanez.
4.4. Ikerketarako beka
2012n emandako ikerketarako beka amaitu eta argitaratu da. Haren helburuak telekomunikazioei, teknologiari eta garraio mota orori buruzko erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideak aplikatzea eta eskubide horiek gure erkidegoan defendatzea eta eskatzea dira. Ikerketa lan honetan (haren edukia txosten honen IV. kapituluan ezagutu daiteke xehetasun gehiagorekin kontsumitzaile gisa ditugun eskubideen kontzientzia eta ezagutza zertxobait eskasak izaten jarraitzen dutela antzeman dugu, izan ere, kontsumoaren alorrean eskubideak defendatzera bideratutako legeria ugaritu bada ere, horrek ez du saihestu kontsumitzaileen eskubideak urratzen jarraitzea.
Horrela bada, teknologiei dagokienez, bai telefonia mugikorra eta finkoaren sektorean, bai Interneteko zerbitzuetan, erabiltzaile eta kontsumitzaileen ez-gogobeteko maila urtebeteko tartean pairatutako arazoen rankinean mailarik altuenean dago: Euskal Autonomia Erkidegoan inkestatutakoen artean, % 12,7k Internetekin arazoren bat izan du, % 6k telefonia finkoan eta % 5,6k telefonia mugikorrean (EIN, 2006).
Ikerketa beka horren esparruan, ikerketa horren bidez lortutako azterlanaren edukiaz gain, erabilera praktiko handiko hiru tresna osagarri izateko bidea eman da:
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Datuen babesaren esparruan, herritarrek askotan helarazten dizkigute euren ulertezintasuna eta kexa Google bezalako bilatzaileetan edo Facebook bezalako gizarte-sareetan haiei buruz agertzen den informazioa ezabatzen ez delako, eta kaltegarritzat jotzen dituzten hainbat informazio bizitzan guztian zehar jasan behar dituzte web pribatuetan edo komunikabideetako berrietan argitaratutakoaren ondorioz.
Horregatik, datuen babesaren esparruan Arartekoak jarraitzen dituen kontuen artean, intimitaterako eskubidearen eta ohorerako eta norbere irudirako eskubidearen adierazpen gisa (Europar Batasuneko oinarrizko eskubideen gutunaren 8. artikuluaren barnean babestuta) “ahazteko eskubidea” izendapenarekin ezagututakoa dago, mugaz haraindi gertatzen den interneteko fenomenoaren gizarteratzearen ondorio.
Zentzu horretan, ez dago zalantzarik Europa mailako eguneratu gabeko legeriak datu pertsonalak kaltetzeko bide ematen duen hazitegia eskaintzen duela, beraz, Europar Batasuneko Justizia eta oinarrizko eskubideen komisarioak, Viviane Redingek, 2013an datuak babesteko Europako legea eguneratzeko aurkeztutako ekimena geureganatu dugu eta datorren urtean zehar bereziki hausnartuko dugu, datu pertsonalak eta norbere irudia babestearekin loturiko eskubideen defentsa egokia burutzeko aukera eskaintzen duten ekimenak hartuz.
Internet bidez argazki eta bideo pribatuak hedatu izanaren ondorioz hasitako ofiziozko jardueraren esparruan, gizarte sareen eta komunikazioko sare publikoen erabileran informazio, kontzientziazio eta arrisku jokabideen saiheste falta orokorra antzeman ahal izan dugu. Horren ondorioz, datuak nahi izan gabe hedatu dira, artxibo horien zaintza eta igorpenaren zaurkortasuna dela medio.
IET eskubideei dagokienez, Arartekoak herritarrek herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan egoteko dauzkaten eskubideen dekalogoa argitaratzean hedapen-tresna berri bat eskaini du euskarri erabilgarrian eta terminologia ulergarriarekin. Zalantzarik gabe, erronka honako hau da: eskubide horiek abian jartzean, herritarrek euren izapideak errazago burutu eta gehiago erabili ahal izatea, informazio publikoa eskuratzeko hurbiltasun gehiago izatea eta administrazioen gardentasun handiagoa lortzea. Horretarako, administrazio eta erakundeok betiere hiru alderdi kontuan hartu behar ditugu:
Datozen hilabeteetan inklusio digitalari eta gizarte parte-hartzeari buruzko Arartekoaren txosten berezia argitaratzean, irizpide-elementu berriak eskainiko ditu uneko egoeraren diagnosia egiteko, baita proposamen eta ekimen multzo bat ere euskal herri administrazioekiko gomendio gisa.
Ondorioen harira, eskubide horien garapenaren esparruan hemendik gutxira erakunde guztiok erantzun beharko dugun galdera da IETek benetan herritarren izaera aktiboa eta barneratzailea sustatzen eta haien parte-hartzea bultzatzen ote duten. Europako kaleetan dauden gizarte-mugimenduak ikusita agerikoa dirudi IETak eta, zehazkiago, gizarte sareak, informazio trukerako tresna azkarra eta indartsua eratzen ari direla eta praktika demokratikoa aktibatzen dutela.
Europar Batasunak 2013. urtea Europako herritarren urtea izendatu du eta Europako herritarrak eta partaidetza-demokrazia agendaren erdigunean egongo dira. Horri esker, europarrek eta, bereziki, gazteek, euren eskubideen berri dutela eta horiek erabiltzeko modurik onena ezagutzen dutela bermatuko da, baita, zalantzarik gabe, IETen esparruan ere.